Kategoriak
Berriak

Zerotik aurrera aukeratu EUSKARA!

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Aurrematrikulazio epea martxoaren 6tik 17ra izango dela jakinarazi berri du. Eta, urtero bezala, iritsi da aurten ere belaunaldi berriei begira erabaki garrantzitsuak hartzeko garaia, izan ere, Aurrematrikulazio garaia familiek haurrentzako nolako etorkizuna nahi duten erabakitzeko unea da. Eta zalantzarik gabe, hizkuntzaren hautuak berebiziko garrantzia hartzen du erabaki horretan. 

Oraindik ere, Nafarroako herritarroi hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Hizkuntza eskubideen urraketak ez dauka etenik gure lurralde zabalean. Hortxe daukagu, Mañeru zonalde mistoan sartzeko eskaeraren inguruan legebiltzarrean hartutako erabakia, herritarren gehiengoaren nahiari muzin egin diote, eta gainera, Lehen hezkuntzako haur gehienen familiek euskaraz ikasteko hautua egin dute, %64 D ereduan eta % 36 A ereduan, ez du inork gaztelera hutsezko hauturik egin. Erabaki horrek, berriz ere atea itxi dio euskarari Mañerun eta agerian jarri du zonifikazioak ez daukala inongo oinarri soziolinguistikorik eta euskarak ofizialtasuna behar duela bere lurralde osoan.

Azken urteotan, euskalgintza eta hezkuntza komunitatea elkarlanean ari gara Nafarroan euskarak bere tokia izan dezan. Aurten ere, Nafarroako Euskalgintza osatzen dugun hainbat eragile euskararen alde dei bateratu bat egiteko elkartu gara. Horretarako “Zerotik aurrera aukeratu EUSKARA!” kanpaina burutuko dugu hurrengo asteetan zehar. Bi asteetan zehar  sare sozialetan irudi ezberdinak igoko dira egunero, eragile bakoitzak proposatutako D ereduaren aldeko esaldiekin. Irudi guztiek mosaiko moduko bat eratuko dute marrazki bat osatuz, euskalgintzaren batasuna eta euskarak batzen gaituela irudikatuz. Kanpaina honetako irudia haur baten silueta da, euskara txikitatik belarritik sartzen dela eta ahotik ateratzen dela adierazten duenak.

Kanpaina honekin, euskarazko irakaskuntzaren aldeko deia luzatu nahi diegu haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe, eleaniztasunerantz urratsak emateko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, Aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara. 

Euskararen alde bat egiteko garaia da. Gure herriaren etorkizuna euskaraz eraiki nahi dugu.

Kanpainaren sinatzaileak: Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Sortzen Elkartea, NIZE, HE Gurasoak, LAB, ELA, STEILAS, AEK, IKA, Zonalde Diskriminatutako Gurasoak, Zaldiko Maldiko eta AET.

Kategoriak
Berriak

“Udalak nirekin euskaraz” kanpaina

Gaur, “Udalak nirekin euskaraz” kanpaina aurkeztu nahi dugulako bildu gara LABA espazio honetan. Hemen gaude Iruñeko euskalgintza osatzen dugun kolektiboak (AEK, AET, ELA, Haur Eskoletako Gurasoak, IKA, LAB, Sortzen, STEILAS, Zaldiko Maldiko) eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia.

Kanpainaren helburuak:

Iruñean ere hasiera eman zaio Euskaraldiari, eta horri lotuta, euskararen erabileraren inguruko ariketa kolektiboa egiteaz gain, erakutsi nahi dugu administrazioekin dugun harremanetan erabilera hori nola dagoen mugatua. Izan ere, Iruñeko Udalak hizkuntza eskubideen kontra hartutako erabakiak horren adierazgarri ditugu.

Hiriko euskararen ordenantzan bertan, euskara ez da gaztelaniaren pare ezartzen, Udalaren egunerokotasunean euskara bigarren planora zokoratzen dute, ez dira zerbitzuak euskaraz berdintasunean bermatzen, euskarazko berri gutxiago zabaltzen dira, aisia eta kultur eskaintzetan euskarazko aukerarik ia ez dugu, udalaren argitalpen eta euskarrietan ia ez da euskarazko alerik argitaratzen, Udalaren ekitaldi eta jarduera publikoetan euskarari ia ez zaio presentziarik eskaintzen… Horiek guztiak adibideak baino ez dira, eta atzean ez dago euskararekiko jarrera kontua soilik, euskaraz bizi nahi duten herritarrekiko gutxiespena baizik. Hiriaren berezko hizkuntza da euskara, eta, beraz, Udalak euskararen presentzia berdintasunean bermatzeak, gutxitutako hizkuntza sustatzearekin batera, herritarrek euskara eroso erabili ahal izatea ziurtatuko luke.

 Oso erraza da egingo dugun ariketa, herritarrei ondokoa eskatuko diegu: Iruñeko Udalaren aldetik azken urtean pairatu edo jaso dituzten hizkuntza eskubideen urraketa guztiak jaso nahi ditugu.

Baina, zertaz ari gara hizkuntza eskubideen urraketa esaten dugunean? Ba adibidez:

  • Udaleko telefono batera deitu, eta euskaraz artatzea nahi badugu, beranduago deitzeko erantzun digute edo departamentu horretan gaztelaniaz egin beharko dugula.
  • Udalaren ekitaldi batera joan gara ,eta dena edo ia dena gaztelaniaz izan da.
  • Udalaren iragarki bakarren bat ikusi dugu euskaraz, beste guztiak gaztelaniaz daude.
  • Udalaren jakinarazpen edo gutun bat heldu zaigu, dena gaztelania hutsean.
  • Udalaren aisiarako eskaintzan euskarazkoa askoz urriagoa da, edo ikastaro baten apuntatu gara baina esan digute gaztelaniaz baino ez dela egingo.

Horiek guztiak, gaurtik hasi eta urtarrilaren 31 bitarte jasoko ditugu, eta horretarako herritarrek ondoko bideak izango dituzte:

  • Emailez: telefonoa@behatokia.eus helbidera helaraztea.
  • Whatsapp-ez: 623 363 811 zenbakira.
  • 948 14 61 72 telefonora deituz.
  • Sare sozialetatik ere jasoko ditugu, Twiterren IruñekoEuskalgintza etiketatuaz edo #UdalakNirekinEuskaraz traola aipatuaz.

Nola ez, dokumentuak, argazkiak… bideratu ahal izango dizkigute herritarrek, eta urraketaren berri ematerakoan ahalik eta daturik zehatzenak ematea eskertuko genuke: noiz izan zen, Iruñeko zein tokitan edo zein telefonotan, etab.

Administrazio publiko zein erakundeetatik ezin da euskararen alde eta euskara errespetatzen dela esan, gero, egunerokotasunean, euskaraz bizi ahal izateko neurrien kontra egin edo hizkuntza eskubideak bermatzeko neurririk hartzen ez bada.

Urtarrilaren 31 arte jasoko ditugun urraketa guztiak Hizkuntz Eskubideen Behatokira ere helaraziko ditugu, txosten berezitu batean Iruñeko Udalean gertatutako egoerak jasota utzi eta Udaleko arduradunei aurkeztu zein Euskal Herriko irakurketaren barne txertatzeko.

Herritarrek administrazio publikoekin euskara erabiltzeko pausua eman dezaten eta ahaldundu daitezen eskatzen diegu, eta pairatzen dituzten egoerak azaleratzen jarraitu beharko dugula adierazi nahi dugu.

Azkenik, dei egiten diegu Iruñeko elkarte zein eragile sozialei, beraiek ere, kanpainan parte hartu, eta Udalari herritarren zein elkarteen hizkuntza eskubideak berdintasunean bermatzea eska diezaioten.

Kategoriak
Berriak

Eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzen ez duten haurrek jantokiko bekak galduko dituztela adierazi du Hezkuntza Departamentuak

Duela aste batzuk, Nafarroako hainbat ikastetxe publikotako zuzendaritzek Hezkuntza Departamentuko idatzi bat jaso zuten eta bertan beraien zentroetako eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzen ez zuten haurrek jantokiko bekak galduko zituztela aditzera eman zieten eta aldi berean, jantokien kudeaketa eta jarraipena egiteko eskatu zitzaien. 

Bai aipatutako zuzendaritzek, bai familiek, harriduraz hartu zuten diru-laguntza hau galtzeko albistea. Izan ere, kurtsoa behin hasita jaso baitute, eta orain arte ezartzen ez zen 186/1993ko Foru Aginduko instrukzio bat erabili dute horretarako, noiz eta orain, eskola jardunaldiari buruzko Foru Agindu berri bat jorratzen ari denean (ikas komunitatea osatzen dugun hainbat entitateren ekarpenekin batera, nahiz eta gero nahi dutena egingo dutelako susmoa dugun). Une honetan, marko honetan, erabaki du Hezkuntza Departamentuak dirulaguntza kentzea eta, horretarako, duela 30 urteko arau batera jo du. Ez al zatekeen hobea izango arau berria gauzatzen den bitartean familiei beraien bateragarritasuna bideratzeko jantokiko bekei eustea? 30 urte hauetan gizartea, ikastetxeak, familiok… guztiok egin dugu aurrera, aldatu egin gara eta, zorionez, behar berrietara egokitzen goaz. Gure ustez, Hezkuntza Departamentuak ere ahalegin berezi bat egin beharko luke zentzu honetan, edo gutxienez ez trabarik jarri. 

Bestetik, Foru Agindu berri hau egiten ari dela probestuta, hausnartu eta saiatu beharko lukete hezkuntza komunitate osoaren beharrak asetzen, ikasleak erdigunean jarrita eta guztien eskubideak bermatuta. Ez al da garaia oztopoak gainditzeko eta, orain gertatzen ez den bezala -batetik bestera saltoka gabiltzala- hezkuntza komunitateari eragiten dioten alderdi guztiak uztartuko lituzkeen hezkuntza lege bat, bakarra, gauzatzeko? Hezkuntzak guztia batzen baitu

Sortzen Elkarteak, LAB irakaskuntzak, eta ikastetxe ezberdinetako guraso elkarteak lanean ari dira neurri honi aurka egiteko. Gaur, urriaren 20an, erregistro bidez helarazi diogu gure jarrera Hezkuntza Departamenduari eta Arartekoari eta aurrerago pausu gehiago emango ditugu.

Zenbat aurreztuko dute jantokiko dirulaguntzak kenduta? Zenbat xahutzen ari da Nafar Gobernua beste hainbat ekintzekin? Inberti dezagun hezkuntzan, etorkizunean fruituak emango baititu. Pentsa dezagun zenbateko apustua egiteko prest gauden, zer nolako gizartea nahi dugun, hortxe baitago guzti honen gakoa.

Kategoriak
Berriak

“Larragako eskolan D eredua irekitzea eskatzen dugu”

Gaur, urriaren 18an, Larragako hainbat familia eta herritar batu dira San Miguel eskolaren aurrean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari herriko eskolan D ereduaren irekiera eskatzeko. Beraiekin izan dira Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka Erauskin eta Sortzen Elkarteko ordezkari Marta Diez Napal.

Prentsa oharra:

Gaur, Larragako familiak, Sortzen Guraso Elkartea eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkariekin batera, San Miguel ikastetxe publiko honen atarian bildu gara. Gurekin batera, prentsaurreko honetan Larragako hainbat herritar.


Izan ere, bere garaian Mendigorrian egin zuten bezala, gaurkoan Larragako eskola publikoan euskarazko murgiltze ereduaren zabaltzea nahi dugula aldarrikatzeko bildu gara, Larragako eskola publikoan ere D eredua irekitzea eskatzen dugu.


Herriko haurrek, hainbat hamarkadatan, euskaraz ikasteko herritik kanpora joan behar izan dute. Herrian bertan eskola publiko bat izan arren, hainbat familiek aukeratu behar izan zuten: haurrek euskaraz ikas zezaten Tafallara eramatea, ala herriko eskolara eramatea, euskarazko irakaskuntzari muzin eginez.


Betiko dikotomian uzten gaituzte beraz, euskaraz ikasteko eskubidea dugula esaten zaigu baina gure eskubidea beti baldintzatua dago eta ezin dugu euskara berdintasunean ikasi. Orain arteko egoera ikusita, aurten 12 familiak gure herriko ikastetxe publikoan D ereduaren irekiera eskatu dugu, eta horretarako, uztailean instantziak erregistratu genituen hezkuntza departamentuan. Oraindik ez dugu erantzun ofizialik jaso, eta ostegun honetan bilera izango dugu Gil Sevillano Hezkuntzako Zuzendari Nagusiarekin. Kontuan izan behar dugu otsailean aurrematrikulazio epea hasiko dela eta ez dugu beste herri batzuetan eman den egoera berbera errepikatzerik nahi: garaia heldutakoan, ezin izan zituzten beraien haurrak herriko eskolan D ereduan aurrematrikulatu.

Hezkuntza Departamentuak jakin badaki, haurren eskolaratzeko lehen urtetik lerroa ireki ezean, gure haur eta familien hautua eta egoerak baldintzatuko dituela, beraz, bai, hurrengo ikasturterako D ereduaren irekiera eskatzen dugu, gure eskubidea izateaz gaindi, besteak beste 18/1986 Foru Legean ezarritakoen aplikazioa ere eskatzen dugulako. Hezkuntza Departamentuak 2023-2024 ikasturtean gure haurren D ereduko matrikulazioa ahalbidetzeko dagozkien neurriak martxan jartzeko betebeharra du.

Hala ere, 12 familiak D ereduaren irekiera eskatzea ez da norbanakoon eskari bat, ez eta kapritxo bat. Gure haurrez gaindi, gure atzetik etorriko direnen eskubideez ere ari gara. Herri honek euskaraz ikasi eta bizitzeko duen oinarrizko eskubideaz ari gara, herriko haurrak
berdintasunean eta aniztasunean hezteaz, Nafarroako herritarren artean eremuaren araberako bereizkeriarik ez egiteaz, etorkizuneko herri txikietako eskolen eta herriaren beraren biziraupenaz eta, nola ez, egun gutxiagotua dagoen Nafarroako berezko hizkuntzaren
irakaskuntza sustatzeaz ari gara.

Azken urteetan, gure herriko eskolaren matrikulazioa gainbeheran joan da eta euskarazko irakaskuntza lerroa irekitzeak herriko eskolaren biziraupena eta garapena bermatu ditzake. Larragak etorkizuna herrian eta euskaraz ere eraiki nahi du.


Guk ere, Mendigorrian zein Nafarroako beste herrietan egin bezala, Larragan euskararen haziak ereiteko eskubide osoa dugu, Nafarroako hizkuntzak Larraga lorez bete dezan.


2022ko urriaren 18an

Kategoriak
Berriak

Formakuntza || Kuriosexatzen. Bidelagunak sexu-heziketatik

📅Azaroak 11 eta 18

👉6 eta 12 urte bitarteko haurren guraso eta erreferenteentzako hezkuntzarako tresnak.

👉Formakuntza hau esparru teoriko sexologiko baten barruan kokatzen da, eta horrek gure erotikarekin egiten dugunaz gain, gure sexuaz, sentitzen dugunaz eta partekatzen dugunaz hitz egitea eskatzen du. Esparru horretan, harreman , afektu, identitate, desioaren orientazioa, maitasuna eta abarretaz ere hitz egingo dugu. Baita sexualitate eta erotikaren inguruan dugun begiradaz ere, nondik hezitzen dugun kokatzeko.

👉Formakuntza Taupadak gune sexologikotik bideratuko dute eta ordu eta erdiko bi saio burutuko dira.

✍️Izena eman: https://labur.eus/sxW1Z

kuriosexatzen
Kategoriak
Berriak

Euskara Antzokira eta Sortzen Tonbola

2022an, ez dugu Euskal Eskola Publikoen aldeko ohiko jaia ospatu. Hala ere, hezkuntza komunitatea biltzeko beharra ikusten genuen eta maiatzaren 15ean goizeko 12:00etan “Euskara Antzokira” ekimena burutu zen. 

“Euskara Antzokira” ekimenaren oinarria euskara esparru akademikotik urrundu eta aisialdian gure hizkuntzaz gozatzea da. Horretarako, Ezkaba, Hegoalde, Amaiur, eta Bernart Etxepare eskolek hainbat ikuskizun prestatu zituzten eta Antsoaingo antzokiko eszenatokian aurkeztu zizkiguten.

Denetarik egon zen: antzerkiak, bertsoak, dantzak eta kantak, eta dena EUSKARAZ… Ikasturte bukaeran, hizkuntza eta artea uztartuz, eskolen arteko batze moduko bat ospatzea zen helburua. Berriz ere, elkarlanean aritu eta gure komunitatea elkartu..

Emanaldia bukatzerakoa, 13:00ak inguru, SORTZEN TONBOLA burutuko zen Antsoaingo plazan. Gure laguntzaileai esker, opari pila banatu genituen: bazkariak, eskalada saioak, diskak, kamixetak, liburuak…

Esker bereziak gure laguntzaileei, haiek gabe ezinezkoa izango zen:

  • AEK
  • Asisko
  • Bihatz
  • EHE
  • Elhuyar
  • Elkar
  • Ene Kantak
  • Errigora
  • Herriko Taberna
  • Ibilbedi
  • IKA
  • Karrikiri
  • Mesón de Nabarreria
  • Laba
  • Onegin
  • Skabidean
  • Zopilotes Txirriaos

Mila esker parte hartu zenuten guztiei!

Emanaldiaren bideoa
Kategoriak
Berriak

Nafar guztien eskubideak kontuan hartu! Apirilaren 1era arte

Nafarroako Gobernuak administrazioko lanpostuen merezimenduak arautzen dituen Foru Dekretua lantzen ari da. Euskalgintzako Kontseilua konbentzitua dago Dekretua aldatu daitekeela, eta helburu honekin nafarren eskaerak bilduko dituen kanpaina abiarazi du.

GARAIZ GAUDE DEKRETUAREN NORABIDEA ETA EDUKIAK ALDATZEKO! Horretan lagundu nahi duzu? Bete eskaera eta bidali apirilaren 1erako

Garrantzitsua da harreman hori noiz izan zen eta zein departamenturekin zehaztea (ez da jarri behar inoren izena): Otsailaren 25ean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentura deitu nuen gestio bat egitera, eta ezin izan zidaten zerbitzua euskaraz jaso.

Pd. Legeak ezarritako eremu euskalduneko herritarrek jar dezatela, beti, Iruñean izandako eskubide-urraketaren bat.

ENTZUN GAITZATELA!

Kategoriak
Berriak

NIK x ZUK x GUK= ETORKIZUNA EUSKARAZ!!

Iritsi da aurten ere Nafarroako aurre-matrikulazio garaia, urtero legez, gure haurren etorkizuna erabakitzeko une garrantzitsua dugu hau. Guk euskararen aldeko apustua egin dugu beti, eta aurten ere euskarazko irakaskuntza hauturik onena dela uste dugu zalantzarik gabe. Euskarak aberastu egiten gaitu, eta gure herrira bizitzera etortzen diren herritarrak ere aberastu egiten ditu. 

Kalitatezko hezkuntza aldarrikatzen dugu, eta zer da hori? Nola ulertzen dugu guk? Hasteko, belaunaldi berriei, bizi eta barnebiltzen dituen komunitatearen baitatik munduari irekita, eta bizitzan zehar garatu daitezen tresnak lantzen lagunduko dien hezkuntza; sormenerako eta eraldaketarako bitartekoak eskainiko dizkien hezkuntza; sentitu, pentsatu eta ekinez pertsona askeak bilaka daitezen ahalbidetuko duen hezkuntza. Aukera berdintasuna oinarri izango duen hezkuntza. Bermatu behar zaigun eskubidea. Eta Nafarroan, Euskal herri osoan bezala, erronka horrek euskara behar du ardatz, aniztasunean zubi, elkarbizitzarako berme, etorkizunerako zutarri. 

Oraindik orain, Nafarroa Garaiko herritarroi hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Ondorioz, gure seme-alaben hizkuntza eta hezkuntza eskubideak ez daude bermatuak Nafarroako lurralde zabalean. Gure hezkuntza sistemak aukera berdintasuna bermatu beharko luke, baina oraindik urrun gaude egoera horretatik. Ikasturte honetan ere, zuzenean bizi izan ditugun egoera ugari zerrenda ditzakegu, besteak beste, Iruñerriako haurreskolen afera, D ereduaren aldeko borroka, aisialdia euskaraz antolatzeko zailtasunak, ikasle migratuek bizi duten diskriminazio egoera… 

Egunerokoan euskararen alde lanean ari garen eragile, hezkuntza komunitate, haurreskoletako komunitate zein herritarrek, argi daukagu bide berean jarraitu behar dugula lanean, harik eta, euskaraz bizi eta ikasteko dagozkigun eskubideak bermatuak izan arte. Hezkuntza komunitateok egunerokoan egiten dugun lanaz gain, erakunde publikoek beren ardura betetzea ezinbestekoa da, eta beste behin ere, beharrezko diren baliabideak euskararen normalkuntzaren mesedetan jartzea eskatzen diegu. Horrekin batera, berandu baino lehen, euskarak ofizialtasuna behar duela lurralde osoan, gure hizkuntza eskubideak aitortuak eta errespetatuak izan daitezen. 

Sortzenek ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eskolaren aldeko apustua egiten du. Euskaldunduko duen eredu bakar baten aldeko apustua, hain zuzen ere. Eta horrek, murgiltze ereduaren ezarpenerako plangintza integrala eskatzen du. Administrazioen aldetik, ahalegin berezia egitea eskatzen dugu. Bidea lantzen hasiak gara, baina oraindik, lan handia dago egiteko. Indarrean jarri ditzagun hizkuntza politika aktiboak, desabantaila eta gutxitze egoeran dagoen euskarari hauspoa emateko. 

Aurten ere, ezin aipatu gabe utzi, cobid-19ak ekarri duen osasun krisiak euskarari ekarri dizkion kalte larriak. Aurrematrikulazio garaian gauden honetan, ezin aipatu gabe utzi, izan ere, etxealdian, ikasle askok bere egunerokoan euskararekin zuten harremana galdu eta kasu batzuetan eskolak jarraitzeko arazoak izan dituzte. Gure hezkuntza sistema ez dago prestatua horrelako egoeretan egoki erantzuteko eta haurren interesen alde egiteko. Krisi honek agerian utzi ditu gure hezkuntza sistemak dituen gabeziak. Hezkuntza formaletik harago, aisialdia euskaraz lantzeko programek duten garrantzia azpimarratu nahi dugu, eta eremu honi baliabideak eskaintzea ezinbesteko deritzogu, euskararen normalizazioaren mesedetan. 

Amaitzeko, urtero bezala, euskarazko irakaskuntzaren aldeko hautua egin eta indartzen jarraitzeko deia luzatu nahi diegu haurrak eskolatzeko adinean dituzten familia guztiei. Horrekin batera, hizkuntza ereduen sistema zein PAI bezalako programak ezartzen zaizkigun honetan, euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea defendatzea eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko hautua egitea ezinbestekoak direla uste dugu. Egun, Nafarroa osoan D eredua zabaltzea posible bada ere, oraindik ere, sasiz betetako bidea da daukaguna, oso baliabide gutxi esleitzen zaio aukera horri. Hala ere, ilusioz eta gogoz begiratu behar diogu etorkizunari. Ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eskola dugu helburu, eta bide horretan aukerarik onena D eredua da. 

NIK x ZUK x GUK!! Etorkizuna Euskaraz! Guk euskaraz zuk zergatik EZ!!