Euskaraz Mintza

Ikastetxeetako hizkuntza plangintzek zuzenduriko helburu nagusiaren ildotik, geure kulturaren transmisio egokirako eta ikasleen garapen osorako lagungarri nahi du izan Euskaraz Mintzak.

Horrela ba, euskara ikas hizkuntza izateaz gain, bizi hizkuntza, eta beraz harremanetarako hizkuntza naturala bihurtzea dugu Euskaraz Mintza programaren helburu nagusia. 

Zer da Euskaraz Mintza?

Euskaraz mintza Sortzen elkartearen eskutik sortu den egitasmoa da, jolastordu batzuetan ikasleentzat begiraleak jartzen ditugu, euskararen erabilpena sustatzeko haur eta gazteak motibatzea garrantzitsua dela uste dugulako. 

Justifikazioa

SOZIOLINGUISTIKOA 

Egoera soziolinguistiko normalizatu batean Eskolaren lana ikasleriaren ibilbide kulturala zuzentzearena da. Ikas irakats hizkuntzatik kanpo geratzen diren gainontzeko hizkuntza erregistro guztiak familiak, senideek edo lagun giroak ematen dizkielarik haurrei. 

Adin txikitan afektibitatea nagusia denez, nahiz eta irakaslea izan imitatzeko eredu

garrantzitsuenetako bat adin honetan kanpo eragile batzuk agertzen hasten dira , lagunen arteko harremanen garrantzia nagusitzen doa, baita hauen eredu linguistikoak ere . 

Honela ba, eta sozializazio garapenari loturik, erdarak eskaintzen dizkion erregistro hurbilak erabiliko ditu haurrak, ondorioz erdara nagusitzen delarik ikasgelaz kanpoko gune hauetan, eta gero, goi zikloetan, bigarren hezkuntzako ikasgelatan ikasleen artekoa ere bai. 

Ikastetxeak hutsune honetaz arduratuta, bideak jarri behar dituzte, beste argudioen artean eskola garapena izugarri baldintzatuta baitago aipatutako hutsunearekin. 

IRAKASKUNTZAK JASATEN DITUEN FAKTORE ENDOGENOAK 

Batetik euskarak hezkuntza egituratuta denbora gutxi daramala ikusirik, eta bestetik irakasle asko eta asko euskaldun berriak direla kontutan hartuta, Euskarazko erregistro osoak eta egokiak eskaintzeko, arazoak eta zailtasuna handiak dauzkagu ikastetxeetan 

IRAKASLEGOA IKASTETXEETAN LANEZ GAINEZKA DAGO 

Hau batez ere euskal lerroetan gertatzen da, murgiltze ereduak gainezka daude eta laguntzak, arrazoi ezberdinak direla medio, urriak dira. 

Guzti hau dela eta jarri genuen martxan EUSKARAZ MINTZA PROIEKTUA. Egoera guzti honi buelta eman eta gure ekarpena egiteko sortu ginen, eta horretan gaudela gogoraraztea beharrezkoa eta garrantzitsua dela deritzogu. 

Helburu orokorra ikasleriak euskaraz normaltasunez egin dezan lortzea da, aipatu bezala, ikasle hauei ama hizkuntzak, edo kaleko eta familiako hizkuntzak ziurtatzen ez dizkien erregistro hurbilak, eskainiko dizkiogularik. 

Betebehar hau propioki eta soilik eskolakoa ez denez, denon ardura bihurtzen da murgiltze ereduen bitartez, gurasoei ere arreta berezia jartzea, euskaldunak ez direnen kasuan bereziki.  Jolastordu batzuetan, monitorizazioaren bidez haur hezkuntza eta lehen Hezkuntzako ikasleei lagunarteko hizkuntza erregistroak eskaintzen dizkiegu, euskararen erabilpena eskola orduetatik kanpo posibleago egingo zaielakoan baikaude. 

Bitarteko tresna gisa, haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzako lehenengo bi zikloetan nagusiki jolas tradizionalak erabiliko ditugu. Batetik parte hartzea posible egiten dutelako, eta bestetik gaur egun erabiltzen ez direnez, ohitura linguistikoak ez direlako oztopo bihurtzen, abantaila baizik. Gainera bide batez, galtzeko zorian dauden jolas hauek berpizteko aukera dugu. 

Esperientziak, adin jakin batetik aurrera, bereziki lehen hezkuntzako 5. Eta 6. mailako haurrei, begiraleekin egiten diren jolas hauek ez zaizkiela erakargarriak suertatzen erakutsi digu; umekeriak iruditzen zaizkie proposatutako hainbat jolas. Hori dela eta, adin honetako haurrentzat beste era bateko ekintzak prestatu ditugu, hala nola, aldizkari bat diseinatzea, papiroflexia, malabareak, herri kirolak… Modu honetan, ikasle hauek gehiago motibatzea lortuko dugu, eta era berean euskararen erabilera naturala bultzatzen jarraitzeko aukera ematen dugu

Gure proiektua

2000ko martxoan hasi zen, gaur egun Nafarroako 14 ikastetxeetan gaudelarik lanean. Ikastetxe bakoitzean begirale bakoitzak ordu erdiko bi saio emango ditu ikasleekin jolasten, eta beste ordu erdia koordinazio lanetan, jolas bilketan eta proiektuaren garapenerako lanetan (ikus-entzunezko nahiz baliabide informatikoak lantzen). Horrela, eguneko aurrez aurreko lana ordu betekoa izanez. Ikastetxe bakoitzaren beharretara egokituz.  

Guzti honetarako oso garrantzitsua da gure lana, klabea da gure begiraleen papera. Ikastetxeko euskalduntze planari lotuta doa gure funtzioa eta hau ondo ateratzearen ardura dugu. Ikastetxeko euskara arduradunarekin, irakasleekin, zuzendaritzarekin eta haurrekin harreman egokia eta parte hartzailea landuz, programaketak adostuz eta ebaluatuz, balorazio orriak betez, helburuak markatuz eta hauetarantz urratsak emanez.

Ez gara jolas denboratan haurrak entretenitzeko begiraleak soilik, Euskaraz Mintza Proiektuaren parte baizik.

Beste proiektu batzuk

Euskara Antzokira
EskolHerrianEuskaraz