Kategoriak
Berriak

Formakuntza || Kuriosexatzen. Bidelagunak sexu-heziketatik

📅Azaroak 11 eta 18

👉6 eta 12 urte bitarteko haurren guraso eta erreferenteentzako hezkuntzarako tresnak.

👉Formakuntza hau esparru teoriko sexologiko baten barruan kokatzen da, eta horrek gure erotikarekin egiten dugunaz gain, gure sexuaz, sentitzen dugunaz eta partekatzen dugunaz hitz egitea eskatzen du. Esparru horretan, harreman , afektu, identitate, desioaren orientazioa, maitasuna eta abarretaz ere hitz egingo dugu. Baita sexualitate eta erotikaren inguruan dugun begiradaz ere, nondik hezitzen dugun kokatzeko.

👉Formakuntza Taupadak gune sexologikotik bideratuko dute eta ordu eta erdiko bi saio burutuko dira.

✍️Izena eman: https://labur.eus/sxW1Z

kuriosexatzen
Kategoriak
Berriak

Euskara Antzokira eta Sortzen Tonbola

2022an, ez dugu Euskal Eskola Publikoen aldeko ohiko jaia ospatu. Hala ere, hezkuntza komunitatea biltzeko beharra ikusten genuen eta maiatzaren 15ean goizeko 12:00etan “Euskara Antzokira” ekimena burutu zen. 

“Euskara Antzokira” ekimenaren oinarria euskara esparru akademikotik urrundu eta aisialdian gure hizkuntzaz gozatzea da. Horretarako, Ezkaba, Hegoalde, Amaiur, eta Bernart Etxepare eskolek hainbat ikuskizun prestatu zituzten eta Antsoaingo antzokiko eszenatokian aurkeztu zizkiguten.

Denetarik egon zen: antzerkiak, bertsoak, dantzak eta kantak, eta dena EUSKARAZ… Ikasturte bukaeran, hizkuntza eta artea uztartuz, eskolen arteko batze moduko bat ospatzea zen helburua. Berriz ere, elkarlanean aritu eta gure komunitatea elkartu..

Emanaldia bukatzerakoa, 13:00ak inguru, SORTZEN TONBOLA burutuko zen Antsoaingo plazan. Gure laguntzaileai esker, opari pila banatu genituen: bazkariak, eskalada saioak, diskak, kamixetak, liburuak…

Esker bereziak gure laguntzaileei, haiek gabe ezinezkoa izango zen:

  • AEK
  • Asisko
  • Bihatz
  • EHE
  • Elhuyar
  • Elkar
  • Ene Kantak
  • Errigora
  • Herriko Taberna
  • Ibilbedi
  • IKA
  • Karrikiri
  • Mesón de Nabarreria
  • Laba
  • Onegin
  • Skabidean
  • Zopilotes Txirriaos

Mila esker parte hartu zenuten guztiei!

Emanaldiaren bideoa
Kategoriak
Berriak

Nafar guztien eskubideak kontuan hartu! Apirilaren 1era arte

Nafarroako Gobernuak administrazioko lanpostuen merezimenduak arautzen dituen Foru Dekretua lantzen ari da. Euskalgintzako Kontseilua konbentzitua dago Dekretua aldatu daitekeela, eta helburu honekin nafarren eskaerak bilduko dituen kanpaina abiarazi du.

GARAIZ GAUDE DEKRETUAREN NORABIDEA ETA EDUKIAK ALDATZEKO! Horretan lagundu nahi duzu? Bete eskaera eta bidali apirilaren 1erako

Garrantzitsua da harreman hori noiz izan zen eta zein departamenturekin zehaztea (ez da jarri behar inoren izena): Otsailaren 25ean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentura deitu nuen gestio bat egitera, eta ezin izan zidaten zerbitzua euskaraz jaso.

Pd. Legeak ezarritako eremu euskalduneko herritarrek jar dezatela, beti, Iruñean izandako eskubide-urraketaren bat.

ENTZUN GAITZATELA!

Kategoriak
Berriak

NIK x ZUK x GUK= ETORKIZUNA EUSKARAZ!!

Iritsi da aurten ere Nafarroako aurre-matrikulazio garaia, urtero legez, gure haurren etorkizuna erabakitzeko une garrantzitsua dugu hau. Guk euskararen aldeko apustua egin dugu beti, eta aurten ere euskarazko irakaskuntza hauturik onena dela uste dugu zalantzarik gabe. Euskarak aberastu egiten gaitu, eta gure herrira bizitzera etortzen diren herritarrak ere aberastu egiten ditu. 

Kalitatezko hezkuntza aldarrikatzen dugu, eta zer da hori? Nola ulertzen dugu guk? Hasteko, belaunaldi berriei, bizi eta barnebiltzen dituen komunitatearen baitatik munduari irekita, eta bizitzan zehar garatu daitezen tresnak lantzen lagunduko dien hezkuntza; sormenerako eta eraldaketarako bitartekoak eskainiko dizkien hezkuntza; sentitu, pentsatu eta ekinez pertsona askeak bilaka daitezen ahalbidetuko duen hezkuntza. Aukera berdintasuna oinarri izango duen hezkuntza. Bermatu behar zaigun eskubidea. Eta Nafarroan, Euskal herri osoan bezala, erronka horrek euskara behar du ardatz, aniztasunean zubi, elkarbizitzarako berme, etorkizunerako zutarri. 

Oraindik orain, Nafarroa Garaiko herritarroi hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Ondorioz, gure seme-alaben hizkuntza eta hezkuntza eskubideak ez daude bermatuak Nafarroako lurralde zabalean. Gure hezkuntza sistemak aukera berdintasuna bermatu beharko luke, baina oraindik urrun gaude egoera horretatik. Ikasturte honetan ere, zuzenean bizi izan ditugun egoera ugari zerrenda ditzakegu, besteak beste, Iruñerriako haurreskolen afera, D ereduaren aldeko borroka, aisialdia euskaraz antolatzeko zailtasunak, ikasle migratuek bizi duten diskriminazio egoera… 

Egunerokoan euskararen alde lanean ari garen eragile, hezkuntza komunitate, haurreskoletako komunitate zein herritarrek, argi daukagu bide berean jarraitu behar dugula lanean, harik eta, euskaraz bizi eta ikasteko dagozkigun eskubideak bermatuak izan arte. Hezkuntza komunitateok egunerokoan egiten dugun lanaz gain, erakunde publikoek beren ardura betetzea ezinbestekoa da, eta beste behin ere, beharrezko diren baliabideak euskararen normalkuntzaren mesedetan jartzea eskatzen diegu. Horrekin batera, berandu baino lehen, euskarak ofizialtasuna behar duela lurralde osoan, gure hizkuntza eskubideak aitortuak eta errespetatuak izan daitezen. 

Sortzenek ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eskolaren aldeko apustua egiten du. Euskaldunduko duen eredu bakar baten aldeko apustua, hain zuzen ere. Eta horrek, murgiltze ereduaren ezarpenerako plangintza integrala eskatzen du. Administrazioen aldetik, ahalegin berezia egitea eskatzen dugu. Bidea lantzen hasiak gara, baina oraindik, lan handia dago egiteko. Indarrean jarri ditzagun hizkuntza politika aktiboak, desabantaila eta gutxitze egoeran dagoen euskarari hauspoa emateko. 

Aurten ere, ezin aipatu gabe utzi, cobid-19ak ekarri duen osasun krisiak euskarari ekarri dizkion kalte larriak. Aurrematrikulazio garaian gauden honetan, ezin aipatu gabe utzi, izan ere, etxealdian, ikasle askok bere egunerokoan euskararekin zuten harremana galdu eta kasu batzuetan eskolak jarraitzeko arazoak izan dituzte. Gure hezkuntza sistema ez dago prestatua horrelako egoeretan egoki erantzuteko eta haurren interesen alde egiteko. Krisi honek agerian utzi ditu gure hezkuntza sistemak dituen gabeziak. Hezkuntza formaletik harago, aisialdia euskaraz lantzeko programek duten garrantzia azpimarratu nahi dugu, eta eremu honi baliabideak eskaintzea ezinbesteko deritzogu, euskararen normalizazioaren mesedetan. 

Amaitzeko, urtero bezala, euskarazko irakaskuntzaren aldeko hautua egin eta indartzen jarraitzeko deia luzatu nahi diegu haurrak eskolatzeko adinean dituzten familia guztiei. Horrekin batera, hizkuntza ereduen sistema zein PAI bezalako programak ezartzen zaizkigun honetan, euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea defendatzea eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko hautua egitea ezinbestekoak direla uste dugu. Egun, Nafarroa osoan D eredua zabaltzea posible bada ere, oraindik ere, sasiz betetako bidea da daukaguna, oso baliabide gutxi esleitzen zaio aukera horri. Hala ere, ilusioz eta gogoz begiratu behar diogu etorkizunari. Ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eskola dugu helburu, eta bide horretan aukerarik onena D eredua da. 

NIK x ZUK x GUK!! Etorkizuna Euskaraz! Guk euskaraz zuk zergatik EZ!! 

Kategoriak
Berriak

Neuro-hezkuntza formakuntza

Aurreko kurtsoan neuro-hezkuntzaren gaiaren inguruko sortu zen interesa ikusita, aurten formakuntza oso bat antolatu dugu. Formakuntza, honako ataletan banatu da:

  • Neuroeducación: por una educación basada en la ciencia.
  • Garun emozionala: amigdalatik gainazal prefrontalera
  • Diziplina positiboa: bada zigorrik eta saririk gabeko heziketa?
  • Beharrezkoak dira etxekolanak?
  • Haur eta nerabe garuna. Nola egin garapen osasuntsu baterako akonpainamendua?
  • ¿Existe el TDAH?

Hizlariak David Castrillo eta Ane Arribillaga izango dira, eta saioak Antsoaingo kulturgunean burutuko dira, bakoitzak 5€ kostua izanik.
Lehenengo saioa abenduaren 11n garatu zen baina oraindik jorratzeko bost gai gelditzen zaizkigu. Hauetan izena emateko bete ezazue hurrengo inprimakia: https://labur.eus/neurohezkuntza
Neurozientziak, garunaren estruktura ezberdinek jokaeran eta ikaskuntzan duten eragina ulertzea du xede. Hezkuntzarako funtsezko tresnak eman diezazkiguke.

Kategoriak
Berriak

Jolas eta jostailu ez sexistak

Jolasa ikasteko egoera naturala da, jolas desberdinek zenbait gaitasunen garapena errazten dute, eta jostailuak jolasa aberasteko baliabideak dira. Jostailuek izugarrizko garrantzia dute haurren hezkuntza prozesuan. Haurtzaroan, jolasa da ezagutzarako, ikasketarako eta adierazpenerako bide nagusia.

Jolasaren bidez haurrak bizi diren jendartearen arauak eta portaerak ikasten dituzte. Jostailuak berez, ez dira onak edo txarrak, hauen egokitasuna ematen diogun erabileraren araberakoa izango da. Jolasten edo jostailu desberdinak erabiltzen, haien sexu biologikoari inposatzen zaizkien ezagugarriak ezagutuko dituzte haurrek. Ondorioz generoaren araberako erabilerak, estereotipo sexistak barneratu, birproduzitu eta iraunaraztea eragiten du.

Hau dela eta, heziketarako tresna garrantzitsua den momentutik, ezinbestekoa da eskaintzen, onartzen edo indartzen ari garen ereduen analisi kritiko bat egitea. Jostailuak aukeratzeko irizpideak:

  • Jostailu bat aukeratzerakoan, umearen adina eta gaitasunak kontuan hartu.
  • Umearen ekintza, irudimena eta gaitasuna sustatzen duten jostailuak aukeratu.
  • Jostailu ezberdinak konbinatu.
  • Jendarte elkarrekintza eta, batez ere, elkarrekintza kooperatiboa sustatuko duten jostailuak, bakarrik jolasteko aukera emango dieten jostailuekin konbinatu.
  • Jostailu anitzak sexu bietan, rol sexistak tipifikatzen ez dituztenak, eta jarrera bortitzak bultzatzen ez dituztenak (jostailu belikoak) aukeratu.
  • Interesgarriak, erakargarriak eta atseginak diren jostailuak. Jostailu ziurrak.

Gehiago jakin nahi? Deskargatu gure gida hemen

Kategoriak
Berriak

Sortzen elkartea, aurrera begira gogoz eta indartsu

Azkeneko bi urteetan Sortzen Elkartea erabat aldatu eta indarberritu da, bere helburuak eta baloreak mantenduz. Garai txarrak pasa izan ditugu, baina gaurkoan ozen esan dezakegu garai horiek iraganean gelditu direla eta, indartsu eta gure eskubideen alde borrokatzeko prest gaudela. 

Duela bi urte inguru burutu genuen barne gogoeta prozesuaren ondorioz, Sortzenek bere egoera berritzeko urrats erabakiorrak egin zituen. Fase berriari aurre egiteko erronkari ekin zitzaion  eta talde eragilea sortu zuen Sortzenek. Talde eragileak sortzen aurrera eramateko urratsak finkatu zituen, hala nola, langile berrien sartzea Sortzenen proiektua aurrera eramango duten arduradunen izendatzea. Marta Diez Napal eta Aitziber

Garmendia Lizaso izan ziren, Sortzen Elkartea aurrera eramateko erronka onartu zutenak.

Lehenik eta behin, kontaktu guztiak berreskuratu eta talde iraunkorrak bildu zituzten berriro, gure jendea gure indarra baita. Ondoren, ekonomia erabat sendotu zuten: diru laguntza berriak lortu eta Errigoraren laguntza ongi kudeatu eta proiektu garrantzitsuetan inbertitu.

Azkeneko urteetan eukalgintza zein hezkuntzako eragileekin elkarlana sustatu dugu, haien artean: Euskararen Kontseilua, Ikastola Elkartea, Nize, Herrikoa,

Concapa, Britila, Hezkuntza Departamentua, Eusko Ikaskuntza,  ELA, LAB, STEILASS eta hainbat eragile politiko. 

Gure helburuak lortzeko, ezinbestekoa da hezkuntza komunitate guztiarekin lanean eta kontaktuan aritzea, eta horri gogor ekin diogu. Sakana eta Iruñerriako iraunkorrak sustatu ditugu, Piriniotako komunitatearekin erlazio sendotu dugu eta zonalde diskrimitatuan gure harremanak zabaldu egin ditugu. Bestetik, tailer desberdinak antolatu ditugu, Neurohezkuntza tailerra  eta, informazioa zabaldu eta partekatu dugu gure kontaktuen artean.

Orain dela urte bete, Adriana Urmeneta taldera gehitu zen atal komunikatiboaren ardura hartuz. Sortzen elkartetik konturatu ginen komunikazioan hutsuneak genituela, alde batetik gure lana komunitateari helarazteko bide berriak jorratu behar ziren, eta bestetik komunitatea gurekin harremantzeko bideak berregin behar genituen. Helburu horiekin, buletina berreskuratu genuen, sare sozialei garrantzi gehiago ematen ari gara eta web orriaren berrikuntza lanetan aritu gara. Ikasturte honetan, proiektu berriak garatzeko eta gurekin harremanetan jartzeko bide berriak eraikitzen ari gara.

Urtero bezala aurre-matrikulazio kanpaina gauzatu genuen. Alde batetik gure lanketa propioarekin baina bestetik beste eragile batzuekin elkarlanean. NIE eta Kontseiluarekin batera, pertsona migranteei zuzendutako kanpaina garatu genuen, hainbat bideo sortu genituen eta zalantzak argitzeko mahai inguru bat antolatu genuen. Aurreko urtean ere, zonalde diskriminatutako ikasleekin bideo eder bat kaleratu genuen.

Sortzenek D ereduaren aldeko apustua egiten du. Hainbat hitzaldi informatibo antolatu ditugu, Kaparrotsun eta Oteizan adibidez. Gure neska mutilek euskara bere aisialdian integratzeko helburuarekin, Errigorarekin batera, zonalde diskriminatuko 15 herritan ludotekak antolatu genituen eta balorazio oso positiboa jaso dugu. Mendigorriako prozesuan ere parte hartu dugu, komunitatea bidean lagundu dugu eta guk ditugun baliabide guztiak eskeini dizkiegu.

Euskara, elkartearen ardatz nagusia da, hori kontutan hartuta hainbat espazioetan jardun dugu. Euskalgintzaren mahaian haur eskolen aferari heldu diogu eta euskara plazara ekimena sustatu dugu HE gurasoekin batera. Euskarri egiten zaizkion erasoen aurrean kalean izan eta izango gara.

Gure hizkuntzaren normalizazioari begira, hizkuntza proiektuak aurrera eraman ditugu. Horietako bat Euskaraz Mintza, euskara harremanetarako hizkuntza naturala bihurtzua helburu duen proiektua. Proiektu hau, kalera atera nahi izan dugu ere, Euskara kalera izenarekin.  Aurreko ikasturte amaieran, Euskara Antzokira antolatu genuen. Hezkuntza komunitate guztia bildu eta hainbat ikastetxeek haiek prestatutako ikuskizunak aurkeztu zizkiguten. HUHEZI eta Hezkuntza Departamentuarekin batera, ikasle eleaniztunen proiektua ere garatzen ari gara.

2021-2022 ikasturteari ilusioz eta gogoz ekin diogu. Hainbat erronka ditugu:

  • Ager zonaldean, Errigorarekin batera, ludotekak herri gehiagotan zabaldu.
  • Euskaraz Mintza proiektua ikastetxe gehiagotara zabaldu eta Euskara Kalera egitasmoaren eskutik plazara atera.
  • Hizkuntza proiektuak herri eta auzoetan zabalduz ikastetxeetatik at kalera txertatzen joatea Jolasbira proiektu kolaboratiboa.
  • Euskarari egiten zaizkion erasoak salatu, Euskalgintza, Hezkuntza Departamendu, Kontseilua eta lau federazioen mahaietan.
  • Tailer berriak garatu hiru-hilabetero.
  • Eragile berriekin elkarlana sustatu.
  • Berdintasuna, Bullying-a eta Inteligentzia emozionalari buruzko proiektuak garatu.
  • Komunikazioa hobetu: Sare sozialak mugitu, web orria berritu, Telegram kanala sortu, komunitatearekin zuzeneko komunikazioa hobetu, etab.

Bide luzea dugu egiteko baina gogo handiz ekin diogu, espero dugu bertan elkar topatzea!