Nafarroa Garaian aurrematrikulazio epea martxoan izango da, oraindik data zehatzik ez baditugu ere. Familiek belaunaldi berrien etorkizunari begira erabaki garrantzitsuak   hartzeko unea dugu hau. Besteak beste, zein hizkuntzatan ikasiko duten eskolatzeko   adinean dauden Nafarroako haurrek.

Aurtengo kanpainaren mezua, Nafar jendarte osoari eta bereziki jatorri migratua   duten familiei helarazi nahi diegu. Euskal Herriko gizartea anitza da, jatorri eta kultura   ezberdinetako pertsonez osatua dago. Jatorri migratua duten pertsonei eskatzen   zaien integrazioa ez da bakarrik haien ardura, guztion ardura baizik. Funtsezkoa da   harrera egokia egitea, kulturartekotasuna landuz elkarrekin aberastuz. Errealitatea. oso bestelakoa da, sarri askotan oztopoak besterik ez dituzte aurkitzen D eredura   bidean, izan ere, A eta G eredura bideratzen dira beraien haurrak beste aukerarik   eman gabe. Bide horrek inklusioa bultzatu ordez diskriminazioa eta segregazioa   areagotzen duela uste dugu eta umetatik etorkizuneko aukerak murrizten zaizkie.

Aurten ere Sortzen elkarteak jatorri migratuko familiei gure eskua luzatu eta   elkarrekin urrats bat egin nahi dugu, euskarara hurbildu eta gure komunitatearen   parte sentitzea nahi dugu. Badakigu lan sakona dagoela egiteko, eta hau soilik   lehenengo urratsa dela baina lanean jarraituko dugu. Jatorri migratuko familia asko   eleanitzak dira, hizkuntza bat baino gehiago ezagutzen dute eta ziurrenik hizkuntza   gutxituak dira kasu batzuetan. Gurea ere hizkuntza gutxitua da, gainera, Nafarroako   herritarroi oraindik ere, hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen   tokiaren arabera. Eskolak garrantzi handia hartzen du euskararen normalizazio eta   berreskurapen prozesuan, eskolak euskara modu naturalean ikasteko aukera ematen   baitu.

Guk komunitate migratuekin elkarrekin aritu nahi dugu, gure errealitatea aberastuz,   esan bezala integrazioa elkarrekintzan egiten baita. Euskara ez da hizkuntza bat   soilik, hori baino gehiago da, euskara ezagutzeak komunitate baten parte izatea   dakar, euskara inklusiorako eredua da: besteak beste, euskarak gehitu egiten duelako,   batzen gaituelako, jakintza gehiago eta mundu ikuskera berri bat ematen digulako.

Hizkuntzaren hautuak Nafarroako haurren etorkizunean izugarrizko garrantzia dauka, familiek aukeratzen dugun hizkuntzaren arabera belaunaldi berrien geroa ezberdina izango baita. Azken urteotan hezkuntza komunitateak lan handia egin du euskarak bere tokia har dezan. Aurtengo kanpainaren leloarekin “Etxeko txikiak D eredu anitzenean, Denon eskolan, Euskara Guztiondako ! euskara denon aukera izan dadin nahi dugu. Euskarak batzen gaitu, komunitate anitzago bat sortzeko aukera ematen du, eta gainera aukera berriak zabaltzen dizkigu.

Kanpaina honetarako Sanduzelaiko eskolako hainbat ikasleekin bideoak grabatu ditugu eta San Frantziskoko haurren ahotsak ere. Bertan haien egunerokoaren inguruan hitz egiten dute, D ereduko eskola publikoan ikasteak, euskarak eskaintzen dien aukerak eta esperientziak nolakoa izaten diren egunerokoan azaltzen digute eskaraz. Jarraitu kanpaina gure sareetan.

Kartelak:

Amaitzeko, euskarazko irakaskuntzaren aldeko deia luzatu nahi diegu haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe eleaniztasunerantz urratsak emateko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da EUSKARA.

Euskararen alde bat egiteko garaia da. Gure herriaren etorkizuna euskaraz eraiki nahi

dugu.

Sortzen gurasoak: Aitziber Garmendia Lizaso eta Iñigo Otxoa Fernandez koordinatzaileak