Larrialdi linguistikoari aurre egiteko erreakzio planak ugaritzen ari dira azken aldian. Hernaniko Gu Geok plataformaren dekalogoa eta Aiaraldeko “Euskara gabe ez gara” manifestua ezagutu eta gero, euskalgintza sozialean arakatzeko beste plan estrategiko bat heldu zaigu Nafarroatik. Azken 3 urteetan zehar Sortzen Elkartea bera proposatutako Euskararen Normalizazio Plana (ENP) sustatzen ibili da, Iruñerriko eskola-komunitateetako eragile ezberdinekin elkarlanean. Esperentzia horretatik edanda bertsio berritua eta hobetua kaleratu dute eta helburu berri bat jarri: Nafarroako 5 ikastetxetako eskola-komunitatetan plana gradualki baina osoki garatzeko konpromisoak lortzea ikasturte honetan zehar. Jakitera eman dutenez, plana partzialki garatzen dabiltzan eskola batzuk egon badira dagoeneko. Plana hurrengo urteetan osoki garatzeko konpromisoa hartu duen bakarra oraingoz Bernart Etxepare da, Txantrean.
Sortzeneko koordinatzaile diren Aitziber Garmendia eta Iñigo Otxoaren hitzetan “ENP-aren helburua umeen %100ak euskarazko gaitasun diskurtsibo eroso bat lortzea eta umeen artean euskaran oinarritutako harremanak garatzea posible eta normala izatea da. Planak edozein eskola-komunitateren eragile bakoitzaren ardurapean dauden espazio bakoitza aktibatzea bilatzen du, neurri jakin batzuk sistematizatuz. Beraz, ENP-a azpiplan ezberdinetan banatzen da, eta atal edo azpiplan batzuen esperientzia badugu dagoeneko, baita emaitza positiboak ere. Gure ENP-a Iruñerria edo antzeko euskalduntze prozesuan dauden eskualdeetarako baliagarria da, baina arnasguneetarako ere ideia asko jasotzen ditu.”.
EUSKARAREN NORMALIZAZIO PLANAREN ATALAK:
- HIZKUNTZA TRANSMISIO ERAGINKOR BATERAKO FAMILIENTZAKO ORIENTAZIOA
- AISIARAKO POLITIKA ETA ESKOLAZ KANPOKO JARDUEREN ESKAINTZA
- JANTOKIA ETA EGUERDIKO JOLASTOKIA
- MURGILTZEAREN ETA MANTENTZEAREN ZAINKETA HEZKUNTZA KOMUNITATEAREN ESPAZIO EZBERDINETAN
- EUSKAL KULTURAREN TRANSMISIOA, PRESTIGIOA ETA ATXIKIMENDUA
- EUSKARAREN DINAMIZAZIOA JOSTALDI ETA ORDU LIBRETAN
- ESKOLA GARRAIOA ETA ZERBITZU GOIZTIARRA
- CURRICULUMEKO HIZKUNTZA-ORDUEN BANAKETA
- AHOZKOTASUNA ARDATZEAN JARRIKO DUEN METODOLOGIA BATERATUA ETA EBALUAZIO ETA JARRAIPEN SISTEMA SORTU/ KOORDINATU
1. ATALA: FAMILIENTZAKO ORIENTAZIOA HASTEKO
Sortzenkideen ustez “D ereduan ezer berririk eskaini edo aldatu aurretik, egoeraren eta planaren pedagogia egin beharra dago familien artean eta komunikazioa oso ongi landu. Familien tipologia asko aniztu da D ereduan. Familia askoren artean, umeak D eredura ekarrita euskararen transmisioan nahikoa egin denaren sinesmena oso zabalduta dago. Datuek beste zerbait erakusten digute ordea, beraz, pentsaera hori erradikalki eraldatu beharra dago eta bestelako espektatiben kudeaketa bat egin. Transmisio eraginkor bat nola lortzen den azalduko
JANTOKIRAKO ETA ESKOLAZ KANPOKO JARDUETARAKO ESPERIENTZIAK:
Eskolaz kanpoko jardueretarako azpiplanean (2. atala), besteak beste, Jauzi.eus eskolaz kanpoko jardueren bilatzailean eskola eta udal ezberdinen parte hartzea bilatzen da, bertan partaide direnen artean sare bat osatuz eta elkar lagunduz. Planaren beste neurrietako batzuk begiraleentzako “murgiltzea zaintzeko eta euskara dinamizatzeko” derrigorrezko formakuntza eta erabileraren neurketak egitea da. Sortzeneko koordinatzaileen iritziz “Planari esker Jauziko partaide diren eskola askotan eskolaz kanpokoen matrikula kuantitatiboki ikaragarri hazi da, jarduera batzuk hirukoizteraino, beraz, euskarazko ordu asko irabazi ditugu. Eta nahiz eta jardueraren arabera aldakorra izan, kualitatiboki ere hobetu dugu, euskara gehiago entzuten da umeen artean.”
Jantokietan (3. atala) berriz, Sortzenek Jantokietako enpresa nagusienak elkarrekin konpetitzera eta euskara planak jorratzera bultzatu ditu, lehenago egiten ez ziren neurri asko lortuta: Jolastokiak tailerren bidez dinamizatzea, langileen hizkuntza profilak bermatzea, formakuntza, erabilera itemak sortzea familientzako txostenetan, erabileraren neurketak egitea, etab.
KOMUNITATEARI DEIA
Sortzenetik baieztatu dutenez “Nafarroako D ereduko eskola-komunitate guztiei, urtero bezala, bilera eskaera bat egin diegu plana osoki edo partzialki garatzeko edo bertako eragile ezberdinek egiten dutena ezagutzeko eta gure ENP-a elikatzeko. Guk gure doako aholkularitza eskaintzen dugu, jakinda guk ere asko ikasi dezakegula besteengandik. Garrantzitsua da plana hemen eta han koordinatuko eta sustatuko duen eragile bat edukitzea, eginkizun hori ez baitu beste inork hartu orain arte.” Bukatzeko, edozein euskaltzaleri kontaktuan jartzeko deia egin dute: “Kontzientzia hartuta duen edozein irakasle, begirale edo gurasoren bitartez, plana garatzeko aukerak biderkatu egiten dira”.