Albisteak

SORTZEN ELKARTEAREN IRITZIA EAEko HEZKUNTZA SAILAK LEGEBILTZARREAN AURKEZTUTAKO HEZKUNTZA AKORDIOAREN HARIRA.

2018-10-26

Gasteizko hezkuntza sailak, “Hezkuntzaren aldeko akordioaren oinarriak” aurkeztu
zituen atzo Gasteizko legebiltzarrean. Sortzen elkarteko kideok gaur gure iritzia
helarazi nahi diogu iritzi publikoari.

Prozesuaren metodologiari zein aurkeztutako dokumentuaren inguruan aurretik aipatu
izan ditugun ideia batzuk gogorarazi nahiko genituzke lehenik eta behin: Gure herriak
Hezkuntza-Akordio zabala behar du, eta gainera, akordio horrek, bere helburu zein
irizpideetan, nazio izaera edukitzea ezinbestekoa da. Euskal Herrian errealitate eta
behar propioetatik abiatuta eraiki nahi dugun hezkuntza-sistema antolatzeko
hezkuntza burujabetza behar dugu, hau da, hezkuntza-komunitate, herritar eta
erakundeen artean lortutako adostasuna egikaritu ahal izateko borondatea eta
ahalmena, hain zuzen ere. Bestetik, eta, norabide horretan kokatuta, akordio zabal
hori lortzeko prozesuak zabala eta erabat parte hartzailea behar du izan.
Gure ustez, prozesuak ez du bermatu sakoneko akordioa lortzeko behar zatekeen
partaidetza zabal hori; hezkuntza sailak erabaki zuen gai ordenarekin, sailak berak
izendatutako adituek osaturiko 5 lan-taldetan egin zen ekarpenak ez du gero, ez
garapenik ez zehaztapenik izan. Euskadiko eskola kontseiluaren txanda iritsi zenean
ere, bertan parte hartzen duten ordezkarietako batzuen ekarpenak eta eztabaidak ez
ziren kontuan hartuak izan, kontrako 4 boto partikular egon zirelarik. Prozesuak argi
eta garbi adierazten du ez dela inolako ahaleginik egin benetako akordiorik erdiesteko,
nahiz eta hezkuntza sailetik etengabe errepikatu hezkuntza-komunitatearen parte
hartze eta adostasun zabalarekin burutu dutela prozesua. Ez da egia.
Prozesuaren hasieran azaldu genituen guk, publikoki eta baita hezkuntza sailari eginiko
ekarpen bidez ere, bai metodologiarekiko zein edukiekiko kezka eta desadostasunak.
Hezkuntzaren inguruko gogoeta integral eta sakonaren baitan oinarrizko herri-
akordioak jaso beharko lituzkeen irizpide eta edukietatik urrun ibili da, kasu batzuetan,
aurkeztu zaigun dokumentua; eta, azalean geratu da beste batzuetan. Espreski aipatu
nahi dugu, guretzako, jauzi bat emateko borondatearen erakusle izan zitekeen
hizkuntzaren atalarekin gertatua, hau da, urte luzez hezkuntza-komunitateak,
euskalgintzak zein herritar askok eskatutako hizkuntza-ereduen gainditzeari lepo
ematen zaio berriz ere. Prozesuan zehar, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak
hizkuntzen atalari egin zion ekarpena geure egin genuen, eta bere horretan helarazi
hezkuntza-sailari. Oinarrizko dokumentuan hizkuntzen irakaskuntzan lortu beharreko
gaitasunaren zehaztapenarekin ados egonda ere, helburuak nola bete ez dago
zehaztuta, eta, oinarri oinarrizkoa den egungo hizkuntza-ereduen desagerpena eta
murgiltze-eredu orokortuaren ezarpena ez dira inon jaso. Gure ekarpenak eskertzen

zituztela baina guk eskatzen genituen zehaztapenak beste une baterako omen ziren.
Hori Uriarte kontseilariaren erantzuna. Ez gara gu fededunak izan ere, eta zaila
gertatzen zaigu, hitz erdiekin hitz egiten duen administrazioak geroan fedea izan
dezagun eskatzen digunean konfiantza izatea.
Zoritxarrez, gaur, Gasteizko legebiltzarrean, hezkuntza batzordeko eztabaidaren
ondorioek kezkarako nahiko arrazoi sortu digute. Belaunaldi berrien euskalduntzea
bermatzeko bidea eta baliabideak zehazten ez badira nola pentsatzen dute paperean
jarri dituzten helburuak betetzea? zer egingo dute, LOMCE-ren baitan hizkuntzen
inguruko eskumenak aldarrikatuz ezarri zuten helegiteari espainiar auzitegi
konstituzionalak, gaur, emandako erantzunaren aurrean?
Berriz ere, auzitegi horren ebazpenak agerian utzi du ez daukagula herri bezala, geure
hezkuntza ez hizkuntzaren gaineko erabakimen osorik, aitzitik Madrilen (zein Parisen)
hartzen direla zutabe diren erabakiak. Hortaz, inoiz baino argiago daukagu
burujabetzaren parametroetan, Hezkuntza Sistema propioaren aldarrikapena edukiz
bete behar dugula eta horren inguruan herri adostasun zabala eraiki, benetako herri-
akordioa, gure herriak behar duen hezkuntza-eredu eta hezkuntza-sistemaren
inguruan. Horra hor erronka.