Albisteak

D ereduan #EgunOn! Aurrematrikulazio Kanpaina 2018

2018-01-23

Egun on!

Gaurko agerraldia, inoiz baino gehiago, #EGUNON handi batekin hasi nahi genuen, horixe baita aurten erabiliko dugun lelo nagusia eta, pasa den astean aurreratu genizuen bezala, ez bakarrik orain aurkeztuko dizuegun Aurrematrikulazio Kanpainarena, baizik eta baita aurtengo Jai Nazionalarena ere. Beraz, egun on!

Aurreko urteetan jarraitu dugun norabidean sakonduz, hiru azpi-kanpaina aurkeztuko dizkizuegu gaurkoan, Nafarroa Garaian dauden egoera ezberdinei erantzun nahi dietenak, hain zuzen ere: Hasteko, “kanpaina orokorra” deitzen duguna eta Nafarroa Garaia osorako egiten duguna, “D ereduan, egun on!” lemapean; beste alde batetik, Sakanako herri eskolekin batera egiten duguna eta, bukatzeko, urte osoko garapena duen Haizea Dinamikaren barruan kokatzen dugun Egunkaria, Nafarroako hegoaldean irekitzen ari diren D ereduko lerroen esperientziak jasotzen dituena.

Egunkarira esteka: http://docdro.id/JlFKhTD

Bakoitzaren ezaugarriak azaldu baino lehen argi utzi nahi dugu kanpaina horiek Sortzen Elkarteak urte osoan zehar garatzen duen dinamikaren barruan kokatzen ditugula, hau da, bestelako hezkuntza-eredu publiko eta euskaldun baten aldeko jardunaren baitan. Izan ere, kanpaina horiek guztiz lotuta daude Ikasle Euskaldun Eleaniztunak sortuko dituen hezkuntza ereduaren alde egin dugun apustuarekin. Ez gara “hizkuntza-ereduen arteko lehian” sartuko, horretan ez baitugu sinisten; bestalde, argi dugu, “eredu-zopa” sistema honetan eragile eta instituzio bakoitzak bere jardunaren ondorio larriak ongi ezagutzen dituela.

  • D ereduan, egun on!

Lehen aurreratu dugun bezala, hau da aurtengo lelo nagusia, “Egun on!”. Hitz hori erabiltzen dugu gure seme-alaben begiak, goizero, irekitzen direnean. Eta adierazpen hori entzuten dute ikasgelara sartzen direnean. Egun ona opa diogu elkarri euskaldunok, beldurrik gabe, aurreiritzik gabe, nahiz eta beste hizkuntzak ezagutu eta erabili, ez zaigu inolako korapilorik egiten mingainean. Horregatik egin genuen kurtso hasieran etxeko giroan lehenengo hitza euskaraz egiteko aldarria; eskolan, ikasle euskaldun eleaniztunak hezteko komunitatearekin elkarlanean aritzeko norabidea ere marraztu dugu, euskara hezi-gunearen lau pareten artean geldi ez dadin; eta auzoan, baita instituzioetan ere, gure aldarria euskararentzako eremuak irabazteko batu gaitezen izan da. Egun ona izan dezagun!

Eta hori da D ereduko eskoletara etorriko diren familia berriei esan nahi dieguna.

  • Ongi etorri Sakanako Herri Eskoletara!

Aurten ere, Sakanarako, bertako bazkideekin batera, aurre-matrikulazio kanpaina berezitu bat antolatu dugu, Nafarroako bailara horretako eskola publikoek daramaten dinamikaren barruan kokatua eta bakoitzak egiten duen kanpainaren gehigarri gisa ulertua. Gogoratu behar dugu, Sakanako eskolek, alde batetik, beraien talde nortasunaren inguruko barne hausnarketa bat burutu zutela, iraganari begira jarri eta etorkizuna eskuen artean hartu ahal izateko, alegia. Bestetik, goraipatzekoa da eskola-komunitate horiek berritasun pedagogikoak beraien heziguneetan txertatzeko egiten ari diren ahalegina. Horregatik, “Ongi etorria” eman nahi diegu Sakanako Herri Eskoletako familia berriei, euskarazko hezkuntzaren bidez berdintasunean eta elkarbizitzan oinarritzen diren eskoletara.

  • Nafarroan osoan euskaraz ikasteko eskubidea… HAIZEA!

Eta azkenik, D ereduko lerro berriak sortzeko eta indartzeko helburuarekin, Haizea dinamikaren barruan, beste kanpaina bat burutzen ari gara dagoeneko. Etengabeko harremanetan ari gara Alloko, Antzingo, Erriberriko, Tafallako, Kaparrosoko eta Lodosako familiekin, eta horregatik, beraiekin batera, hiru zutabe dituen aurre-matrikulazio kanpaina berezi hau martxan jartzea erabaki dugu:

  • Informazio hitzaldiak: Aurreko urteetan egin dugun bezala, interesa duten herrietan, D ereduaren inguruko kezkak ezabatzeko, eta eredu horrek dituen dohainen inguruan hitz egiteko, hitzaldiak egingo ditugu.

    • Urtarrilak 23 Alloko eskolan

    • Urtarrilak 24 Tafallako eskolako ate irekien jardunaldia

    • Urtarrilak 24, Richard Wendlyngekin batera, Kaparrosoko eskolan

    • Urtarrilak 26 Erriberriko Kultur Etxean

  • Jolas tailerrak euskaraz: Euskararen erabilera bultzatu jolasaren bidez. Horixe da helburua, gure elkarteak duen Euskaraz Mintza programaren barruan. Eta hori egingo dugu D eredua zabaldu duten herrietan, familien artean euskarazko jolasak ezagutarazteko.

    • Urtarrilak 27 Antzingo Eskolan

    • Otsailak 3 Tafallako Eskolan

    • Otsailak 3 Kaparrosoko Kultur Etxean

    • Otsailak 5 Alloko eskolan

  • Egunkaria (http://docdro.id/JlFKhTD): Zortzi orrialdetako bi mila ale ari gara Nafarroako hegoaldeko herrietan zabaltzen. Kolore biziko orrialde horietan, D eredua zabaldu dutenen esperientziak jaso ditugu, Tafallako bi irakasleekin elkarrizketa, Antzingo eskolaren inguruko erreportajea eta Kaparrosoko bi gurasoekin elkarrizketa, besteak beste.

Bukatzeko, eta azken kanpaina honekin lotuta, aurten Besarkatu ekimena berriro ospatuko dugula aurreratu nahi dizuegu. Bertan, orain dela bi urte Tafallan egin genuen bezala, Nafarroako zonalde diskriminatuan dauden D ereduko familiak eta irakasleak elkartu nahi ditugu, alde batetik, zoriontzeko, eta bestetik, gure babes osoa besarkada goxo eta bero baten bidez transmititzeko. Aurrerago zehaztuko dugu hitzordu hori, eta baita bertara euskarazko hezkuntza-komunitate osoko partaideak, zein eragileak eta instituzioak joateko deialdia zabaldu ere. Adi beraz!